XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bobek Nikolasi begiratu zion eta Nikolasek Ieregiri.

Ez zegoen partiturarik, ahaztu egin zitzaizkien, pentsioan, maleta barruan, libururen baten tartean, auskalo non.

Erle bat pasa zen Boben begien aurretik aire katastrofe bat gogorarazi zion eta kattagorri begiak inoiz baino nabarmenago ikusi zituen Bobek Nikolasen aurpegian.

Horrelakoetan, Bobi zegokion gauzak bere lekuan jartzea.

- C'est bonne!

- Ez daukagu partiturarik!

Bateriajole ihar zuria frantsesa zela berehala antzeman zuen Bobek eta bere hizkuntzan zerbait esateak bikoteen arteko izeber eskerga haren punta hondoratuko zuelakoan zegoen.

Boben lasaitasuna ez zuen ordea hirukoak batere ondo hartu.

Ekitaldia zazpi t'erdietan hastekoa zen eta ez zeuden txantxetarako.

Europar presakume hauek, otu zitzaion Bobi, New Yorken hamabiak arte ez dituk hasten.

New Yorken gutxienez denbora izango zuketen pentsioraino inguratu eta partiturak bilatzeko, edo besterik ezean pieza berriren bat asmatzeko pentsioetako errezepzionistaren baten omenez.

Inork ez zuen ezer gehiago esan, bateriajoleak gabardina jantzi eta aldegitekoa egin zuen arte.

- C'est bonne!

- Ez daukagu partiturarik, eta?

- A zer nolako zuringo koadrila!

- Partiturak, emakumeak... nork behar ditu?

- Nik ez dut partiturarik behar musika jotzeko...

- Emakumerik ere ez duk beharko noski larrua jotzeko, ala?

Pertxeroa zen berriz ere kapelua bururatuz hain zorrozki mintzo zena eta Bobek hasiera batean uste izan zuenaren kontra, kontrabaxua ez zen frantziarra, iparraldekoagoa zatekeen, holandarra, edo agian danimarkarra, eta jakina zen: orduan eta iparralderago, orduan eta handiagoak ziren izeberrak.

Azkenean ordea, whisky edalontzietakoa izan zen hango izotz guztia, eta botila pare bat husterako Bobek emakumeen beharra onartzea lortu zuten, (...)